Newfoundlandeko gizona (2/4)

  Aguirre, Jabier
Ilustrazioak Javier Ruisánchez Garcíak egin ditu. Pintura eta Eskultura zaharberritzeko eta mantentzeko lizentziatura ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta Valladolideko Arte Eskolako Komunikazio Grafikoa eta Ilustrazioa irakasten du. Florentziako bienala irabazi zuen. Hona ekarri ditugun ilustrazioek Llaneseko Udalak antolatutako Llanes eta baleak[Llanes y las ballenas] (2015eko uztailetik 2016ko urtarrilera) izeneko erakusketan parte hartu zuten. Erakusketa horren komisarioa Higinio del Río Pérez kazetari eta kultur kudeatzailea izan zen.

Ezkutuan eman zituen zenbait egun, jan eta edan gabe, baina bazekien lehenago edo geroago aurkitu egingo zutela; horregatik, azkenik, bere burua entregatzea erabaki zuen, nahiz eta horrek berarekin ekarri, kasurik onenean, itsas ibilaldiko uharteren batean abandonatua izateko arriskua.

Peter, marinelen aurrean agertu zenean, kapitainaz galdetu zuen arpoia altxatuta. Gizon haiek mespretxuz eta sinesgogor begiratu zioten, ozta-ozta uler zitzaketen hitz batzuk Newfounlanden emandako denborari esker, izan ere elkarbizitza hark modu batera edo bestera elkar ulertzeko aukera ematen zien. Bultzaka itsasontziko kapitain eta armadorearen gelara eraman zuten, izenez Pedro Sanmartín Arriategi. Kezka apur batez begiratu zion. Zorionez, bere ospeari esker Peter pertsona ezaguna eta errespetatua zen tripulazio gehienen artean. Horrek bere itsas bidaia gurutze-bidea ez izatea ekarri zion, izan ere zein kapitainek onartuko zuen bere baliabideak sakrifikatzea polizoi bati laguntzeko? Peter, egoeraz ohartuta, horrela hasi zen: “i’ll work hard”. Bazekien, ondo jakin ere, gogor lan egiteko eskaintza zela bidaia-txartela lortzeko eta bera ontzian egotea justifikatzeko bide bakarra. Zorionez, tripulazioa bere ingelesezko azalpenak ulertzera heltzen zen, nahiz eta euren artean ama-hizkuntzan hitz egin –antzinako hizkuntza bitxia, erro ezagunik gabea, eta jatorri baskoia zuena, Espainiako Erresumaren iparraldean zegoen herrikoa, berezko kultura eta hizkuntza zituena–. Euren hizkuntza hori batzuetan gaztelaniarekin batera nahasita zerabilten, eta horri esker, batzuetan, Peterrek ulertu egiten zuen. Horrela, ingelesaren eta gaztelaniaren arteko nahasketa bat erabiliz, elkar ulertzera heltzen ziren.

San Juan ontziak Atlantikoko urak bizi-bizi zeharkatzen zituen bitartean, Peterrek hartu berriak zituen egitekoak betetzen zituen, itsasontziko eguneroko mantentze-lanei gogor ekinez.


Ilustrazioa. Javier Ruisánchez García

Itsasoa bare zegoen egun batean, hegalabur erraldoien sarda bat antzeman zuten, arrain pelagiko txikien atzetik. Tripulaziokoak pentsatzen hasi ziren nola harrapa zezaketen 200 kilotik gorako arraintzar haietakoren bat. Peter han ari zen, behin zetazeo handiak mendean hartuta haiek akabatzeko eta odolusteko erabiltzen zen arpoitxoa prestatzen eta zorrozten. Arpoitxo hari tripulazioak ahoskatzen batere erraza egiten ez zitzaion izena ematen zion: txabolina. Arpoi txiki hura arinagoa zen, eta harekin Peterrek hegalabur handi eta azkar haietakoren bat harrapatu nahi zuen, horrela arrain zaporetsu eta baliotsua eskuratzeko.

Hegalabur handiak azkarregiak ziren eta, harrapakari goseti haiengandik ihesi, izuak jota, urazalera salto egiten zuten arrain txikien atzetik, etengabe aldatzen zuten euren igeriketa bizia. Joan-etorri azkar haiekin arpoia etengabe jaurti arren, huts egiten zuen. Baina Peter ez zen bere ahaleginean erraz etsitzen zuenetakoa, ez horixe. Atsedenaldi laburra hartu eta hegalaburren mugimenduak aztertu zituen euren zoroaldi aseezinean eta guztien artean asaldatuen ziruditen arrainei erreparatu zien. Bi arrain begiz jota, tarte luzea eman zuen haiei begira arpoitxoa eskuetan, jaurtitzeko prest. Arnasa sakon hartu zuen begirada animalia hartatik urrundu gabe eta 19 urteko gazte batengan ohikoa ez den indarraz arpoitxoa jaurti zuen. Animaliaren odola borborka hasi zen ateratzen, eta azken esfortzua eginez eta ur-sakonetara ihes egin nahian bat-bateko teinkada antzua eman zuen. Hegalaburraren mugimendu hura alferrekoa izan zen, arpoitxoak larri zauritu zuen eta minutu gutxitan arrain izugarria jasotzeko uretara botatako txalupara altxatu zuten. Egun berezia izan hura San Juan ontzian. Hegalabur handi hark eguneroko dietan aldaketa atsegina eragin zuen, eta gainera, Peterrentzat aurkezpen-gutuna izan zen arpoilari lanetan aritzeko. Tripulazioak txundituta hitz egiten zuen balentria hartaz.

Itsas bidaiak aparteko ezustekorik gabe jarraitu zuen, ozeanoa zeharkatzeko nabigazioan ohikoak diren gorabeherak izan ezik, jakina. Egun batzuetan itsasoa bare eta besteetan haserre, horietako batzuetan Peterrek hegalabur gehiago harrapatu ahal izan zituen arpoiaz. Hegalabur horiek lehortu eta gazitu egiten zituzten aurrerago jateko edo zuzenean gordetzen zituzten brankako jaki-tokian, berehala jatekoak ziren gainerako elikagaiekin batera.

Egun batean, hainbat eta hainbat egun nabigatu ondoren, pilotuak lurra begiztatu zuen. Peterrek ez zekien ondo non zegoen, izan ere sekula ez zuen nabigatu halako tarte luzerik. Marinelek Finisterre esaten zioten lurralde hari, eta ulertu ahal izan zuenagatik, Espainiako erresumako kostaldearen ipar-mendebaldearen zatia zen. Handik aurrera, itsasbazterraren aldamenetik nabigatu zuten, eta askoz errazagoa eta seguruagoa zen hura. Lasaitasun eta alaitasun handiagoa igartzen ziren ontzian, gutxi geratzen zelako helmugako portura heltzeko; gainera, tripulazioa, hilabete luzez kanpoan izan ostean, gogotsu zegoen bere jendearekin elkartzeko. Baina Peterri zalantza sortzen zion etorkizun hurbilean egingo zuenak. Balea-ehiza baino ez zuen ezagutzen. Ezin zuen imajinatu ere egin beste ezertan has zitekeenik, ezta itsasotik urrun bizitzeko aukera ere, gehiegi maite zuen...

Goiz lainotsu hartan, ontziak senadi lasai baterako bidea hartu zuen, gizon haien aurpegi zailduetan alaitasuna nabari zela. Euren lurraldera heltzear zeuden, balea-ehizaren kanpaina gogor eta arriskutsuan hilabeteak eman ostean.


Ilustrazioa. Javier Ruisánchez García

Eguzkia, lotsaz bezala, senadi hura inguratzen zuten muinoen atzetik agertu eta lainoa azkar desagerrarazten zuela, Peterrek zorionez familiarra egiten zitzaion usain desatsegin bat ezagutu ahal izan zuen. Hondartzan balearen koipea urtzeko erabiltzen ziren labeak ikusi zituen. Peterren aurpegian irribarrea agertu zen, egiaztatu ahal izan zuenean Newfoundlanden hainbeste aldiz entzun zuen bezala, herri hartakoek bertako balearen ehizatik ateratzen zutela bizimodua. Kapitainak aldi baterako aterpea eman zion Peterri. Herrixka hura Frantziarako itsasbidetik hurbil zegoen, eta nolabait, ezagutu zezaketen eta jarraitu. Nahiz eta arrisku hori egon, oso urrunekotzat jotzen zuen eta batez ere izugarri pozten zuen baleen ehizan jarraitzeko aukerak.

Hilabete luzeetan Peter, nekez bada ere, bertako hizkuntza eta ohiturak ikasten zihoan. Hizkuntza zaila gertatzen zitzaion, baina jende askok gaztelania ulertzen zuenez, gero eta errazago egiten zitzaion komunikatzea.

Portutik gertu, etxe txiki bat eraiki zuen eta txalupa txiki batean arrain mota ezberdinen bila itsasoratzen zen. Harrapaketa horiek bizirauteko aukera ematen zioten, harik eta negua heldu arte, izan ere, irrikaz itxaroten zuen sasoi horretan hurbiltzen ziren bertako baleak. Irrikaz, arpoilari lanean jarduteko modua emango zion tripulazioren batekin ontziratzeko itxaropenez.

Urtaroak pasatu ahala, gero eta nabariagoa zen tentsioa, baleak noiz etorriko zegoen jende harengan. Prestatze-lanak amaitzen ari ziren: arpoiak zorroztu, itsasontziak konpondu eta talaiak egokitu, norentzat eta zetazeoak begiztatzeaz eta herriari jakinarazteaz arduratzen ziren talaiarientzat.

Peterrentzat bizimodu berria zen, baleak harrapatzeko modu hura erabat arrotza egiten zitzaiolako. Egunean 24 orduz, gertuko muino batetik, txandaka ziharduten zelatariek, zeruertza begiztatzen zuten, urrunean balearen bat zegoela salatzen zuen zurrusta noiz ikusiko. Balea ikusitakoan, erabakigarria zen abisua azkar ematea, izan ere auzo-herriekin lehiatu beharra zegoen eurak baino lehenago iristeko balearenganaino, arpoiaz jotzen zuen lehenengoarentzat zen-eta. Horiek horrela, arraunen indarraz mugitutako ontzi arinak –traineruak izenekoak– erabiltzen zituzten. 6 arraunlari, patroia –arraunlariak animatzeaz gain ontzi txiki hura gobernatzen zuena– eta zortzigarren tripulatzailea –beharbada garrantzitsuena–: arpoilaria. Horixe zen Peterrek lortu nahi zuen postua. Balea arpoiaz jotakoan, beste traineru motelago batzuek laguntzen zioten, bai animalia hiltzen, bai senadira eramaten. Handik, itsasgoraren laguntzaz, balea altxatzen zuten zatitzen zen lekuraino; bertan koipea urtzen zuten olioa edo saina lortzeko, eta gainerako zati guztiak ere aprobetxatzen zituzten.

Balorazioa

(Batez besteko balorazioa: 9.8 - Bidalitako botoak: 4)

Iruzkinak

Idatzi iruzkina
Bidali
Ezeztatu
Webgune honek berezko cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazioa hobetu, zure lehentasunetara moldatu eta lan analitikoak burutze aldera. Nabigatzen jarraituz gero, gure cookie-en politika onartzen duzula ulertuko da. OK
Konfigurazioa aldatzeko eta informazio gehiago eskuratzeko, sartu hemen: Cookie-politika