Newfoundlandeko gizona (1/4)

  Aguirre, Jabier
Ilustrazioak Javier Ruisánchez Garcíak egin ditu. Pintura eta Eskultura zaharberritzeko eta mantentzeko lizentziatura ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta Valladolideko Arte Eskolako Komunikazio Grafikoa eta Ilustrazioa irakasten du. Florentziako bienala irabazi zuen. Hona ekarri ditugun ilustrazioek Llaneseko Udalak antolatutako Llanes eta baleak[Llanes y las ballenas] (2015eko uztailetik 2016ko urtarrilera) izeneko erakusketan parte hartu zuten. Erakusketa horren komisarioa Higinio del Río Pérez kazetari eta kultur kudeatzailea izan zen.

Ilustrazioa. Javier Ruisánchez García

Giro hotzak neguaren etorrera iragartzen zuen. Hala ere, itsasertzeko herrixka hartan ez zegoen atsedenerako tarte handirik, izan ere Ternuan balea-ehizan ziharduten tripulazio gehienak Newfoundland herrian batzen ziren baleak ematen zituen produktuak saldu eta erosteko.

Urtea emankorra izan zen, eta balea-koipea –saina– urtzeko labeei, artean, usain nazkagarri ezagun hura zerien. Hainbat herrialde eta hizkuntzatako jendea batzen zen inguru hartan, ez zen batere erraza komunikatzea. Batzuek —gutxi batzuek, Peter Mc Gregorrek bezala— bizileku iraunkorra zuten bertan, eta urterik urte, tripulatzaile lanetan aritzen ziren kanpainaren hasieran kontratatzen zituzten ontzietan; tartean, hornidura eta babes bila lehorreratutako soldadu frantsesak ere ikus zitezkeen, atseden eta dibertsio uneak askotariko bezeroak hartzen zituen kantina txikian ematen zutenak.

Peter, gaztea izan arren, sona handiko arpoilaria zen. Umea zela galdu zituen gurasoak eta bere aitarengandik jaso zuen herentzia bakarraz atera behar izan zuen bizimodua: ikaragarrizko trebezia arpoilari lanetan eta arpoi bat, Peterrek jaso zuenetik kontu handiz zaintzen zuena eta beti aldean zeramana; arpoi hori arreta handiz zorrozten zuen eta balea-mihiaren olioaz koipeztatzen zuen, hain zuzen ere denetan oliorik garesti eta preziatuenaz. Langile nekaezina zen eta bere abileziaz eta indarraz lortzen zuen harrapaketa kopuruak, urtez urte, bandera ezberdinetako baleontzirik onenetan toki bat ziurtatzen zioten.


Ilustrazioa. Javier Ruisánchez García

Urteko egunik onenetako bat zen hura, balea-ehizako kanpaina guztiko soldata banatzen zen-eta. Tripulazioetako kide gehienak kantinan batzen ziren, afari eder batez gozatzeko eta txanponak banatzeko, harrapaketen eta tripulatzaile bakoitzaren mailaren arabera. Han ere igartzen zen arpoilaria izen handikoenen artean zegoela. Peterrek txanponez betetako poltsa jaso zuen, horrek gero eta gertuago sentiarazten zion baleontzi bateko armadorea izateko ametsa, eta bertako tripulazioa aukeratzekoa. Betiere, familia kendu zion eta entzute handiko baleazale izateko aukera ematen ziona itsaso haren alboan. Bazekien horrekin harro-harro egongo zirela gurasoak.

Alkoholaren eraginak nabarmentzen hasita zeuden ordurako jendearen artean; kultura eta jatorri ezberdinetako ahopekako kantak eta edonolako dantzak ziren nagusi. Orduan, Peterrek erabaki zuen, erretiratzeko ordua zela ohiko eztabaida eta borrokak saihesteko. Jendetzaren artetik isil-isilik alde egin, berokia jantzi eta, pausu biziz, nasen artean abiatu zen etxerantz.

Egurrezko nasa haien artean oinez zihoala, zailtasunez jarraitzen zioten urratsak entzun zitzakeen. Bat-batean atzera begiratu eta bi militar frantses mozkor ikusi zituen berari segika, bata ofiziala zen eta bestea soldadua.

Hasiera batean, ez zion garrantzi handirik eman, harik eta bietako batek mehatxuzko tonu batean berarengana hurbildu zen arte, txanpon batzuen eske. Peterrek une batez zalantza egin, eta poltsatik bi txanpon atera zituen bi botila whisky eros zitzaten eta apal-apal eskaini zizkien. Ofizialak zaplazteko bat eman zion, eta irainka eta oihuka txanpon-poltsa emateko esan zion. Egoeraren larria ikusirik, Peterrek arineketan hastea erabaki zuen istilurik ez izateko, baina atzetik soldadu frantsesak igartzen zituen. Halako batean, tiro-hotsa entzun zuen, baita, berarengandik gertu, airea urratu zuen bala bat ere. Hori ikusirik, arin-arin, portuan amarratutako baleontzi batera igotzea erabaki zuen, bertan ezkutatzeko asmoz. Bi soldaduak astiro hurbiltzen ari ziren, bazekiten Peter itsasontzian zegoela ezkutatuta eta ez zuela ihesbiderik. Peter egoeraz jakitun, poliki-poliki, beti aldean zeraman arpoiaren punta babesten zuen larruzko zorroa kendu zuen, erabiltzeko beharrik izango ez zuelakoan, baina hala beharko balu, ez zuen zalantzarik egingo.

Ofiziala berriz ere bere mosketoia kargatzen zegoela, soldadua baleontzira igotzen hasi zen pistoloiarekin tiro egiteko prest. Egoera arriskutsua zela ikusirik Peterrek erasoa jotzea erabaki zuen. Ontziko eskotillak ixteko erabiltzen zen habe txiki bat hartu eta bere indar guztiaz jaurti zuen soldaduaren kontra. Kolpe gogor hura hartuta, konorterik gabe, zerraldo jausi zen. Ofizialak, frantsesez hitz batzuk zezelkatu eta bere mosketoiaz Peter apuntatzen hasi zen. Argiantzean bere itzala nabaritu zezakeen eta Peter hiltzeko prest zegoen. Segundo bat gehiago behar zuen itzal hura mosketoiaren behatxuloarekin estaltzeko. Denbora gehiegi. Ofizialak, ozta-ozta entzun ahal izan zuen airea moztu zuen txistu zorrotza, bularrean inpaktu gogorra igarri aurretik. Kolpe hark lurrera bota zuen mosketoiaren katuari sakatzen ziola. Peterrek arpoia jaurti zion, eta zehaztasun harrigarriaz baita bihotza zeharkatu ere. Ofiziala lurrean zetzan, bularretik odola borborka zeriola. Horrek arazo larriak iragartzen zizkion Peterri, ezin izango zuelako justifikatu heriotza hura. Gauzak horrela, erabaki azkar eta gogor bat hartu zuen. Arpoia ofizialaren bularretik atera eta isil-gordeka San Juan baleontzian ontziratu zen. Bazekien euskaldunena zela, nabigatzaile trebeen herrikoena, urte batzuk lehenago lurrari itzulia ematera heldu zirenena. Baleak ehizatzeko Atlantikoa zeharkatzen zutenena. Baleontzia goiz horretan bertan itsasoratuko zen, upeltegia sain-upelez, balea-bizarrez eta balea ehizatik ateratako bestelako produktuez gainezka.


Ilustrazioa. Javier Ruisánchez García

Peter ez zen ausartzen bere gordelekutik irteten. Egoera hark arazo larria ekartzen zion ontzi hartako tripulazioari. Batetik, hornidurak tripulazio-kopuruaren araberakoak izan ohi zirelako, eta bestetik, frantses armadako ofizial bat hildako iheslaria zelako.

Balorazioa

(Batez besteko balorazioa: 9.7 - Bidalitako botoak: 19)

Iruzkinak

Ana
2017-10-18 15:49:46

Muy chulo esperando la siguiente entrega

Ángela
2017-10-18 16:06:47

Deseando saber que le pasa a Peter, muy buena pinta tiene el relato.

Iratxe
2017-10-18 18:22:52

Pero... por qué me dejas así??? Que le pasa a Peter??? Quiero saber, quiero saber....

Idatzi iruzkina
Bidali
Ezeztatu
Webgune honek berezko cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazioa hobetu, zure lehentasunetara moldatu eta lan analitikoak burutze aldera. Nabigatzen jarraituz gero, gure cookie-en politika onartzen duzula ulertuko da. OK
Konfigurazioa aldatzeko eta informazio gehiago eskuratzeko, sartu hemen: Cookie-politika