
Artikulu honetan, Plentziako udalaren XVI. mendeko kontu-liburuetan agertutako probationes pennae (luma-probak) batzuen azterketa egin dugu. Egileak nortzuk izan ziren argitzeko ahalegina egin dugu, eta baita, zenbait ezaugarri kontuan hartuta, datazio bat ematekoa ere. Bi dira bertan nabarmentzen diren elementuak, batetik, euskarazko testu bat –Aita gurea otoitzaren hasiera– eta, bestetik, itsasontzi biren irudikapena. Horrelako lekukotasunek izan dezaketen garrantzia gorabehera, ikerketarako ateak zabalik daudela erakutsi nahi izan dugu, gure artxiboek oraindik ere, bere xumean, altxor ugari gordetzen dituztelako.