Newfoundlandeko gizona (4/4)

  Aguirre, Jabier
Ilustrazioak Javier Ruisánchez Garcíak egin ditu. Pintura eta Eskultura zaharberritzeko eta mantentzeko lizentziatura ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta Valladolideko Arte Eskolako Komunikazio Grafikoa eta Ilustrazioa irakasten du. Florentziako bienala irabazi zuen. Hona ekarri ditugun ilustrazioek Llaneseko Udalak antolatutako Llanes eta baleak[Llanes y las ballenas] (2015eko uztailetik 2016ko urtarrilera) izeneko erakusketan parte hartu zuten. Erakusketa horren komisarioa Higinio del Río Pérez kazetari eta kultur kudeatzailea izan zen.

Ilustrazioa. Javier Ruisánchez García

Hurrengo egunak jarduera bizikoak izan ziren herrian: baleak zatitu, labeak prestatu gantza urtzeko, arotzak urtutako gantz hartako saina gordetzeko upelak prestatu... Zurrunbilo hartan bazen Peterren arreta bereziki bereganatzen zuen zerbait.

Nahiz eta han usain nazkagarria, giro koipetsua eta inguru odoltsua nagusi ziren, ezin zion begiratzeari utzi ilea zapi batez batutako neskatilari, zikindutako amantala jantzita, heltzen zitzaizkion gantz zatiak urtzeko ahaleginetan ziharduenari. Pantxike zuen izena eta bera baino gazteagoa zen nebarekin bizi zen iturriari erantsitako etxean, hori zela-eta Iturriondo ezizenak osatzen zuen bere izena, iturri ondoan bizi zirelako.


Ilustrazioa. Javier Ruisánchez García

Neskatila txikia zen, gaztetatik bakarrik egin behar izan zuena aurrera, izan ere gurasoak hil zitzaizkionetik –udako bat-bateko galerna berezi batean itota hamar urte lehenago, kostaldetik hurbil– berarentzako eta bere nebarentzako bizibidea ateratzeko lan egin behar zuena. Ez zien tarterik utzi gizarte harremanei Juan Atorrasagastik, Peterren arpoilari aurkariak, denbora luzez gorteatu zuen arren. Egoera horrek lagundu egiten zuen Peterrek berarekin bat egitera, baita itxura txiki harengana, adats luze iluna beti zapi batez batuta zeramanarengana, eutsi ezineko indarrez erakarrita sentitzera ere.

Bitartean, Juan, San Juanen erroldatu zen jainkoaren 1565. urtean Ternuara joateko, bere kontratuan irakur zitekeenez. Newfoundlanera bale-ehizaren denboraldia egiteko bakarrik ez, beste zerbaitetara ere bazihoan: Peter erditik kentzeko momentua noiz iritsiko zegoen, horrela atzerriko gazte hark eragindako desohorearen ordaina hartuko zuen. Ez zion barkatzen bere familiak betidanik izan zuen arpoilari postua kendu izana. Bazekien horretarako aukera helduko zela.

Newfoundlaneko egonaldia aprobetxatuz eta bere tripulazioko kideek jakin gabe, destakamendu frantses bati Peterren kokapena jakinarazi zion. Peterren kasua bereziki larria zen, Peterrek arpoiaz hildako ofiziala gobernadore frantses baten semea zelako eta Peter harrapatzeagatik eskaintzen zen sari handia akuilu mamitsuegia zen.

Juan jatorriz herri baleazale txiki batekoa zen, Frantziako kostaldetik gertu, gertuegi, zegoena. Eta portu normandoetarako ibilbidea portu hartatik hurbil pasatzeak Peter harrapatzeko espedizio bat sortzea erraztu zuen, Juan arpoilariaren gozamenerako.

Uda hartan, Peterrek laguntza eskatu zion Pantxikeri hizkuntza hobetzeko; Pantxikek, hasieran, interes handirik gabe onartu zuen. Peterrek bere jaioterriko gorabeherak kontatu zizkion, baleazaleen historiak eta hizkuntza ulergaitzak zituzten tribuenak. Egun batzuk pasatutakoan, euren arteko harremana estutzen joan zen eta gero eta denbora gehiago ematen zuten elkarrekin eguneko zereginen ostean: Peter arrantzale lanetan, balearen kanpaina heldu bitartean, eta Pantxike, eguneroko lan gogorretan, balearen kanpaina prestatzen. Euren arteko harremana hainbeste estutu zen non Miguelek –Pantxikeren nebak – Peter laguntzen zuen arrantza egitera eta honek balea-ehizaren xehetasunak azaltzen zizkion.

Uda amaitzeko zegoela, goiz lainotsu batean, oihu batzuek Peter esnatu zuten. Ondotxo ezagutzen zuen hizkuntza hartan oihuak bereizi zituen. Frantsesa zen. Igarri zuen bere bila zetozela eta hura bere sasoirik ederrenaren amaiera zela. Bazekien herritar gisa onartu zuten herri hartan geratzen bazen sufrimendua baino ez ziela ekarriko, batez ere Pantxikeri.


Ilustrazioa. Javier Ruisánchez García

Orduan, Pantxike agertu zen, masail gorrixketan malkoak irristatzen zitzaizkiola, Peterri erregutzeko ihes egin zezala. Peterrek, Pantxike ikusiko zuen azken aldia zela jakiteak daukan atsekabeaz begiratu zion, eta bere bizitzan lehen aldiz malko epel bat igarri zuen aurpegi belztuan behera. Pantxikeri musua eman zion masailean eta bere ondasunik preziatuena eman zion: bere arpoia. “Gorde ezazu maitasunez...” esan zion, ahotsak, arrisku handiz, hurbiltzen zirela. Peter korrika hasi zen, baso aldera, herriaren muga aldera. Soldadu batek eman zuen abisua, ikusi egin zuten eta bere atzetik hasi ziren, Peter bere indar guztiarekin korrika zihoala baso aldera. Ez zuen bereizten bular aldean igartzen zuen mina ihesaldiko esfortzuak eragindakoa zen edo bere bizitza laburrean bigarren aldiz ihes egin behar zuelako, gehien maite zuenarengandik. Lehenago ere entzunda zuen bere gorputzetik zentimetro gutxitara airea urratzen zuen bala baten burrunba, eta segundo bakar batean ere ezin zuen arretarik galdu. Salbazioa gertu zuen. Bazekien basora heltzeko falta zitzaizkion berrehun metro eskasek zoriontasunetik eta era berean heriotzatik banatzen zutela, ez zegoen atzera bueltarik. Hormatik beherako saltoa, pagoak osatzen zuten baso itxian barneratzen zen bidezidorra eta salbazio mingarria, gauza askoren amaiera zen: balea ehizarena, maite-maite zuen itsasoarekiko harremanarena, gau epeletan Pantxike besarkatuta edukitzekoa, udako ilunabarrak liluraz ikusiz itsasertzean egiten zituzten pasealdi luzeen amaiera... amaiera.

Argiak, ozta-ozta zeruertza bereizten uzten zuen arren, herria jardun betean zegoen. Iturri ondoko etxea, doinu alaian xuxurlatzen zuten herritarrez inguratuta zegoen, heltzear zegoen gertaeraren zain. Azkenik, albiste on bat, Newfoundlaneko senadian San Juan baleontziaren ezusteko hondoratzearen ostean –zenbait marinelen heriotza eragin zuena, tartean Juan arpoilariarena–. Ume baten negarra etengabeko marmarraren gainetik entzun zen, Iturriondoko neskatila ume eder batez erditu zen: heltzen ari zen udako ilunabarraren pareko ile gorrixkadun ume bat, Pedro Ilegorria, Balea Ehiztaria.

AMAIERA

Balorazioa

(Batez besteko balorazioa: 9.4 - Bidalitako botoak: 5)

Iruzkinak

Idatzi iruzkina
Bidali
Ezeztatu
Webgune honek berezko cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazioa hobetu, zure lehentasunetara moldatu eta lan analitikoak burutze aldera. Nabigatzen jarraituz gero, gure cookie-en politika onartzen duzula ulertuko da. OK
Konfigurazioa aldatzeko eta informazio gehiago eskuratzeko, sartu hemen: Cookie-politika