Newfoundlandeko gizona (3/4)

  Aguirre, Jabier
Ilustrazioak Javier Ruisánchez Garcíak egin ditu. Pintura eta Eskultura zaharberritzeko eta mantentzeko lizentziatura ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta Valladolideko Arte Eskolako Komunikazio Grafikoa eta Ilustrazioa irakasten du. Florentziako bienala irabazi zuen. Hona ekarri ditugun ilustrazioek Llaneseko Udalak antolatutako Llanes eta baleak[Llanes y las ballenas] (2015eko uztailetik 2016ko urtarrilera) izeneko erakusketan parte hartu zuten. Erakusketa horren komisarioa Higinio del Río Pérez kazetari eta kultur kudeatzailea izan zen.

Ilustrazioa. Javier Ruisánchez García

Udazkeneko goiz hartan, talaiako kanpaiaren hotsak Peter asaldatu egin zuen. Di-da batean, kasaka jantzi, arpoia hartu eta traineruak baleen bila irteten ziren senadiko ontziralekura hurbildu zen. Peter, ilusioz gainezka, lehenengoa izan zen ontzira igotzen, arpoia eskuan zuela, baina, bultzada batek atzerantz bota zuen; Juan Atorrasagasti arpoilari ofizialak errieta egin zion, bai eta indarrez arraun egiteko agindu ere. Horrek gazteak ilusio apur bat galtzea eragin zuen, baina momentuko tentsio hartan ontzi-lagunekin batera arraunean hastea erabaki zuen, patroiak markatzen zuen erritmoan.

Peterrek baleen arnasotsa entzun zezakeen eta burua biratuta, urrunean, bere arnasaren turrusta ikusi ere bai. Horrek zirrara eragiten zion, eta ezin zezakeen burutik kendu arpoia jaurtitzeko momentu erabakigarria. Bat-batean, patroia oihuka hasi zitzaien arraunlariei eta arraunketa erritmoa areagotu zuen, gero eta garrasi urduriagoak egiten zituela.

Istriborretik, ozta-ozta, aldameneko herriko tripulazioa ikus zitekeen, balearen ibilbiderantz. Euren indarren mugan-mugan arraun egiten zuten guztiek. Peterrek birikak sutan igartzen zituen, bitartean, besaurreek atsedenalditxo bat eskatzen zioten, zurruntzeko zorian. Patroiaren garrasiak traineru txiki hartako tripulazioaren intziri eta arnasestuekin nahasten ziren. Azken esfortzuaren bila, hortzak estututa, harrapakinaren ondora heltzeko azken metroak baino ez zitzaizkien geratzen. Hurbil zeuden, ia-ia arpoiarekin harrapatzeko moduan. Bat-batean, burrunba isil batek airea zeharkatu zuen –Peterri ezaguna egin zitzaion soinu hura– eta ostean, aurkarien tripulazioaren poztasun oihua entzun zen, eta Felipe herriko patroiaren etsipena. Aurkarien arpoilaria azkarragoa izan zen, eta hartara harrapakina kendu zien.



Ilustrazioa. Javier Ruisánchez García

Lehorrerako itzulera astiro eta etsita egin zuten. Peterrek ez zeukan zalantzarik, aurkarien arpoilariak baino lehenago asmatuko ziokeen baleari, baina ez zen bere postua, momentuz. Behin lehorreratutakoan, atsedenaldi bat hartu zuten, egun gogorra izan zen, eta esfortzu fisikoa lehertzerainokoa. Hurrengo aukera izan arte itxaron beharko zuten... aukera hori baletor.

Negua amaitzeko zegoen eta neguarekin batera baleak ehizatzeko sasoia, horregatik, guztiak beste aukera bat emango zien kanpai-hotsa noiz entzungo zeuden. Itxaronaldiaren tentsioa desagertuz zihoan, urtaroak aurrera egin ahala, eta egunak, ezarian, luzatzen hasi ziren. Bitartean, urruntasunean, balearen koipea –saina–urtzeko aldameneko herrikoek prestatutako labeetako kea ikus zitekeen, eta aldeko haizea zebilenean, baita urtutako koipe haren kiratsa sumatu ere.

Goiz hartan, eguna argitu zuenetik, itsasoa nahastuta zegoen; olatu-gailurretako aparrek itsaskirria salatzen zuten. Inor ez zen itsasoratu, egoerak hobera egin bitartean, zain, baina orduantxe, kanpai-hotsak balearen arrantzara abiatzeko prestakizunak akuilatu zituen. Peterri patroiarengandik gertuen zegoen tostan esertzea egokitu zitzaion; bitartean, kanpai-hotsak berri pozgarria zekarren, ez zen balea bakarra, hiru baizik, "bikote heldua eta balekumea, seguru antzean", pentsatu zuen Peterrek.


Ilustrazioa. Javier Ruisánchez García

Arraunean hasi ziren, ohiko erritmoan, egoera errepikatzen zen bitartean, aldameneko herritik traineru bat irten zen, harrapaketa eurenganatzeko prest.

Peterrek, berriz ere, itolarri hura igartzen zuen, baina bai berak, bai bere lagunek indar osoz egiten zuten arraun, itsaso deseroso eta nahastu hartan. Tarteka, olaturen bat ontzi barrua sartzen zen, eta arpoilariak eginahalak egiten zituen ura ateratzeko. Oraingoan ez zeuden galtzeko prest, lehertu arte sufrituko zuten. Tripulazio biak hurbildu ahala, tentsioak gora egiten zuen eta Peterrek abisua eman zion patroiari. “Txikienari!!!”, oihukatu zuen bere lekutik. Peterrek balearik txikienari jarraitu behar ziotela uste zuen, baina patroia zalantzatan zegoen. Elkarri begietara begiratu eta azkenik, Felipe patroiak kasu egitea erabaki zuen eta helduengandik apurtxo bat aldenduta zegoen kumeari jarraitzea. Kumeak, berriz ere, ekialderantz egin zuen, aurkarien tripulazioarengana. Ontzi biak, paraleloan, zetazeo txikiarengana hurbiltzen ari ziren, ia-ia tripulazio bien arraunak elkar ukitzeraino. Bitartean, balea helduak atzetik jarraitzen zieten distantzia batera. Peterrek zeharka begiratzen zion balekumeari, bitartean, aurkarien arpoilaria arpoia jaurtitzeko prestatzen ikusten zuen, Juan euren arpoilaria ozta-ozta zaintzen zuela oreka, itsaso handi hartan.

Birritan pentsatu gabe, arrauna utzi eta bere ontzi-lagunen artetik saltoka brankaraino heltzea lortu zuen, bertan, artean arnasestuka, Juani arpoia kendu eta atzealdera bultzatu zuen. Arpoia jaurtitzeko erabilitako indarrak eta zehaztasunak ezin sinistuta utzi zuen harrapaketa hura galdutzat jotzen zuen tripulazioa. Balekumea hilzorian utzi zuen. Aurkarien arpoilariak harriduraz begiratzen zion Peterri, zetazeo txikia arpoiaz jo zuen distantziak argi erakusten zuelako arpoilari bikaina zela. Poztasunak gutxi iraun zuen, izan ere eurak balekumea akabatzen ahalegintzen ziren bitartean, beste ontzikoek seguru antzean kumeari laguntzeko gelditu zen balea handietako batengana zuzendu ziren. Juanek errieta egin zion Peterri, bai eta ezpainetan ukabilkada bat eman ere. Balekumea txikia arpoiaz jo zuen eta ordainetan euren aurkarien esku utzi zuen balea helduetako bat, negozio ederra!

Lehorrera hurbiltzen zihoazela, tripulazioa ez zegoen oso pozik egindako maniobrarekin, Peter bai ordea. Irribarre egiten zuen, ezpainetako odola sikatzen zuen bitartean. Zetazeo txikia erraz eraman zuten arrastaka, herriko beste traineru bat laguntza ematera hurbildu zitzaien garraioan laguntzeko. Juan arpoilaria bigarren traineru horretara igo zen, Peterri agiraka eta berau, balea heldua harrapatu ordez, balekumearen harrapaketa ziztrinaren erantzule eginez, guztia harrapaketa jaso eta lehorrera zeramatela, han zatitzeko.

Guztion harridurarako, Peterrek harrapaketaren lekura itzultzeko eskatu zion leher-leher eginda zegoen traineru txikiaren tripulazioari. Ez zuten zirrara handirik erakutsi eskaera entzundakoan; tripulaziokoen kexak entzun behar izan zituen, balekume txikia harrapatzeagatik, balea heldua utzita. Peterrek, baina, irribarre batez erantzun zien “azken esfortzua egiten badugu, gaur egun handia izango da“. Felipek trainerua gobernatzeko arraunari gogor heldu eta ontzikoak adoretzen hasi zen berriz ere arraunean has zitezen. Oraingoan, erritmoa lasaiagoa zen, Peterrek jarraitu beharreko norabidea seinalatzen zuela. Aurkarien trainerua aurreratu zuten, arpoiez jo zuten balea emea odolusten zegoena laguntzera joandako beste traineru batzuen laguntzaz. Pozik zeuden egindako harrapaketarekin eta aurkarien itxurazko porrotarekin. Izan ere, porrota itxurazkoa zen, palakada batzuk egindakoan, itsaskirri haren erdian, ez oso urrun, patroiak balea berri baten turrustari antzeman zion. Arra zen!! Ar handi bat, itxaropen gutxirekin bere emearen eta bien kumearen itzuleraren zain zegoena. Egoera ankerra zen, baina Peterrek bazekien lehendabizi balekumeari arpoia botaz gero, gurasoek zain izango zituela, arriskua ikusi gabe, lehendabizi emea hurbilduko zen, eta ostean, arra, eta bereziki erraza gertatuko zitzaien horiek ere harrapatzea.


Ilustrazioa. Javier Ruisánchez García

Horrela izan zen, isil-isilik hurbildu ziren ar handiarengana, Peterrek berriro ere arpoia prestatzen zuen bitartean. Arpoiak bete-betean jo zuen zetazeoaren bizkarra. Odol-jario lodia eragin zuen, ondoren urpera egin zuen baleak jarraitzaileengandik ihes egin nahian. Peterrek utzi egin zion ontzi hauskor hari lotuta zeukan soka eramaten, bitartean, gogor korapilatu zuen sokaren amaierako muturra itsasontziari eta tripulaziokoei teinkada gogorrerako prestatzeko abisua eman zien. Hor erabakigarria zen patroiaren trebezia, trainerua ondora joan ez zedin, erresistentzia nahikoa eginik balea nekatzeko eta berriz ere ur-azalera irtetera behartzeko. Kanpora irtendakoan, odola galdu eragiteko txabolinak erabiliz akabatuko zuten. Nahiz eta itsaskirria egon eta balea indartsua izan, Felipe patroiaren eskarmentuak eta Peterrek arpoia erabiltzeko erakutsitako abileziak, luze gabe, animalia errenditzea eragin zuten. Ur-azalean agertu zen, laguntza emateko beste traineru batzuk hurbildu ziren, balea behin betiko akabatzeko eta lehorrera arte garraiatzen laguntzeko.


Ilustrazioa. Javier Ruisánchez García

Egun horretan, Peterrek herritarren errespetua irabazi zuen, baina etsai handi bat ere bai: Juan arpoilaria. Peterrek azpijoko baten bidez sari bikaina eskuratu zien, eta Juanek haserrealdi batean, bere burua nabarmen utzita, jipoitu egin zuen, aurretik inolako abisurik eman gabe. Arratsalde hartan, Peterrek Ilegorri izena hartu zuen, Eskoziako arbasoengandik herentziaz jasotako ile gorriari aipamena eginez. Peter Ilegorri, Balea ehiztaria.

Balorazioa

(Batez besteko balorazioa: 10.0 - Bidalitako botoak: 3)

Iruzkinak

Idatzi iruzkina
Bidali
Ezeztatu
Webgune honek berezko cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazioa hobetu, zure lehentasunetara moldatu eta lan analitikoak burutze aldera. Nabigatzen jarraituz gero, gure cookie-en politika onartzen duzula ulertuko da. OK
Konfigurazioa aldatzeko eta informazio gehiago eskuratzeko, sartu hemen: Cookie-politika